ß

       La Calera-tik eta Mazarrongo hurira hiru ordu baino gehiago dagoz oinez, eta, arranoa!, egun guztietan atzera eta aurrera oski guztiak apurtzen izan dodaz. Horra ba, atzo badakizue zer egin neban? Asto eder bat erosi sei ogerleko eta erdigatik. Orain ederki nabil eta inork atzera erosi nahi ez badeust, goazenean neugaz daroat, hahor nondik orduan izango garen barruan bat gehiago.

 

EKANDUAK

       Adiskidetasuna harturik hemengo sendi batzuekin egun gitxian sumatu dodaz euren bizikeriaren zertzelada asko. Hemen ez dago hamasei urtetik gorako neskatilarik, ez egurastuten ez kalean zehar bakarrik ibilten denik. Beti ibilten da eurekin euren ama edo izeko edo beste pertsonaren bat, bertorako osoz itsusia delako neskatila bat bakarrik ikustea.

       Senargaia agertzen jakonean, mutilak bati egiten dau hitz neskatilaren amagaz, eta inoiz be ez beragaz. Ikusi beleukez elkarregaz bakarrean zeresanak izango litzatezelako.

       Mutil gazte gehienek dakie kitarra, mandurria edo laud deritzona joten, eta gauero joan ei dira euren maiteen etxera (lantzean batera) euren tramankuluekin euren bikaintasunak erakusten. Neskatilen etxekoak jakiten dabe zer ordu inguruan etorriko diren, eta gertu egoten dira gazte aldra hori hartzeko. Mutil aldra jesarten da hartarako ipinita dagozen jarlekuetan, eta berehala hasten da orkesta. Etxeko neskatilaren senargaia jesarten da bere aita-amen erdian, eta ahoz hitzik beren maiteari zuzendu ezin izan arren, beren musikagaz zuzentzen deutsoz beren bihotzaren txatalak. Burua beheraturik eta ezpainetan hainbat atsegingarrizko amets dituela eskertzen ditu harek bihar-etziko emazte zintzoak beren gogoaren barru-barrukoak maitekiro zuzentzen deutsezan tramankulu musikalariaren hari jakin eginiko hitzak.

       Lau edo bost pieza joten dabezenean, agur eginda joaten dira mutilok beste adiskide baten emaztegaiaren etxera. Neskatilaren aita-amek laguntzen deutse ateraino, baina neskatilak ez. Harik eta ezkondu arte, ez ei ditu bertan behera uzten amak bere alabak, eta amarik ez daukanari egiten deutso zain, edo izeko edo aizta ezkondu, edo nor edo nork.

       Gazteak ginenean, ene irakurlea, gu be sarritan joaten ginen neskatilen etxera, baina ez musika joten, ezpabe ze haginei eragiten baino. Halakoak ginen gu, kendu neskatilen aita-amari txitxi-koipetsu edo ahozpeko arrautzak eta katilukada esne garratzak eta, ipinten genduenean sabel zitala ondo, urten. Eta garratzena: gure herriko Trinkoniok bere emaztegai Mari Kontze Errotokerkoari hamazazpi afari garbitu ondoren, ezetza emon eutsan eta honez gainera, beheragoko koplak abestu:

                     Arratzu ta Mendata

                     alkarren onduan

                     bitarten Errotoker

                     hor beheko zuluan;

                     Mari Kontzen kontura

                     ai neure ahuan

                     hamaika kopau eder      

                     sartun dot barruan.

 

 

GLASGOW-TIK

1915eko ekainaren 26 eta 30ean eta uztailaren 1 eta 4an

 

GUDA

       Dabiltza borrokan elkarregaz bederatziehun milioi gizon, eta geldi eta bakean dagoz zazpiehun milioi, eta geldi dagozen asko be gertuten daragoie beren armak badaezpada bihar edo etzi borroka hasi behar badabe.

       Azkenengo garaipena ez dakigu nork eroango dauen. Behinik behinean ezkutapen itzelagaz ikusten doguzelako gauzak.

       Behinik behinean garaile alemanek urtengo balebe be, ezin esan geinke euren burutasunak ondo urten deutsenik, ze euren ustea zen behingo batean Parisen sartzea eta handik sakelkadak atera ondoren harro-harro euren etxera joatea. Baina zer! Danbadak arma atzetik urten deutse gizagaixoei.

       Bai, halan dira gauzak! Alemanek uste eben, soldadu bikainak-eta asko eukelako munduaren jaubeak zirela; ez ziren. Barriz horretara bardin pentsatu eban Ingalaterrak, bere itsas-armada handiari begiraturik. Horra ba, bioi tokatu jake elkarri oratutea, eta hor ba mutilok!

       Sartu ziren Amerikako Estatu Batuak be alemanei agirika. Denok uste genduen barrabaskeriaren bat urten behar dauela honeen eta alemanen artean. Baina zer? Ezebez, estatubatuarrek gogor egin eutsieen alemanei, honeek oraindino gogorrago egin eutsieen eurei, eta kitu.

       Behinik behinean inondik inora ezin dodaz aditu ez yankitarrok ez alemanok. Harrotasuna eta tema badago Washingtonen, tema eta harrotasuna Berlinen. Horixe baino ez!

       Euren harrotasun guztiekin be joango balitzaz elkarren hagin artera, eta batak besteari zakatzak atera, ederki etorriko litzake zakatzak elkarri ateragaz guda arrano hau amaituko balitz. Baina ez jakiat!

       Alemanen alde dabiltzanek dinoe Ingalaterra hasi dela ziper lanean bakea lortuteko hainbat arinen, eta horrez gainera jakiak be urritzen doazela. Horrexegaz ez nago batera morroiokin, ba jatekoa ugari ageri da hemen. Orain bai, egia da asko garestitu dela.

       Barriz Elkartuen alde dabiltzanak ez dira nekatuten esaten Alemanian goseak hilten dagozela denak eta abar. Eta gudariak be honezkero nekaturik tiro bat jaurti nahi ezinik ei dira, eta argi dago! Han be bake eske ei dagoz denak.

       Horra ba bake-eske direla eta bakerik ez da inondik ageri. Hau barrabaskeria!

       Orain bai, egia da, Ingalaterra ez dabil ugaritasuneko itsasoan uger, eta hau holan ikusirik, ez da sinesgaitza egunkariek alemanengatik dinoena.

       Honeek estatu biok, ba lur jota eta odol hutsituta geratu behar dabena badakigu arin-arin euren gorabeherak itunduten ez badituez.

       Italiarrak barriz aurrera doaz Austriako herrietan, austriarrek egin ahal leikezan ahaleginak alferrak izango ei litzatez italiarrok atzera-morko eraginik handik aterateko. Behinik behinean hareek Triesterantz doaz eta hor konpon.

       Errusiarrok barriz, honeei seboa emon deutse eta euren mugarriraino joan dira.

       Dardaneloetan Elkartuak sendo ei dabiltza. Orain hiru hilabete hemen ogia merketu zen penny-erdi, bost egun barru edegita egozala Dardaneloak-eta. Baina ez jakiat noiz jango dogun handik ekarririko gariagaz eginiko ogia. Oraindino fresko jagok ha.

       Frantzian eta Belgikan beti dagoz bardin. Agintariok hasi leikez honezkero negurako guda-etxeak egiten, ze amaitu orduko etorriko jakelako negu itzela be.

EZIN LEIKE URDINA IZAN

       Hemengo policemanek ni alemana ez naizela ezin dabe sinetsi; aldi batean Newcastle deritzon Ingalaterrako hurian espetxeratu ninduen alemana nintzelakoan, eta larri ibili nintzen aske geratzeko.

       Lehengoan ostera Ardrossan deritzon itsas hurira egin genduen, eta herri txiki horretan hainbat adiskide egin neban aldi gitxian. Sarritan joaten nintzen etxea zen Murray deritzon irlandar batena. Urten genduenean handik euren gomuta euki daidan, sendi osoaren irudia emon eusten. Haren ordez nik neurea emonik urten nintzen itsasora.

       Nik itsasora urten eta lasterrean, sendi guztia eroan eben Police Court edo polizi-etxera. Honeek denek juramentupean erantzun eben espainiarra nintzela. Orduan poliziok esan eutsen emoteko nire irudia, eta irudi horregaz egin dabez hainbat, ni ezagutu naien toki guztietan.

       Lehengo egunean ni herritik naizela, etorri zen polizia bat gure ontzira nire izena jakiten, eta nire argitasunak ikusten. Ez eben sinetsi eta joan ziren Bautista-ren ordez ipini ohi dodan Batxi ondo ala txarto idatzia den jakiten Santanderko ontzi batera.

       Algortako katarrak ‘holandesa’ deitzen deust, baina holandesa barik alemana ete naizen nago, nik neuk ezebe jakinge.

 

ITXAROPEN OSOA

       Elkartuek garaipenagaz urtengo dabela itxaropen osoa dago hemen. Noizik noizera edo, hobeto esateko, egunero dakarrez egunkariek hiru-lau ontzi hondora joan direla eta holan, baina honegatik zirkinik be ez dau inork egiten. Urrunago joan barik, herenegun hemendixik urten eban ontzi eder bat galdu dela gaur etorri da albistea, baina barri hori herriak hartu dau ezertariko ikararik baga.

       Lau aste barru turkiarrek larri ibili behar ei dabe. Hareek ez ei daukie honezkero ez gudaririk, ez jakirik. Gainera barriz Italiak be ontziak bidali ditu Dardaneloetara, eta barriz Bulgaria be laster hasiko ei da joten. Irakurlea, noiz amaituko ez ete da guda ikaragarri hau?

 

BIARRITZEKO ONTZIBURUA

       Atzo heldu zen hona Biarritz deritzon haize-ontzi handia. Hainbat euskotar dauka barruan, baina frantsesak direla esan deuste. Horra ba, ni jakingura naiz, eta gaur barruratu naiz, eta bai eztabaida itzelak euki be bertako ontziburuagaz eta agintariekin.

       Esan deustenez, Frantziako gobernuak agindu ebazan Bartzelonako fabrika batera hainbat mila oinetako soldaduentzat, eta atzera bidali beharra izan dabe kartoizko zola-eta txarto eginak izan direlako. Eta beste fabrika batzuetara be frantsesek eskariak egin dabez: uhalak, estalkiak, galtzerdiak, eta abar. Baina zer? Uhal ordez katu-narruzko zintak bidali ei deutsieez, estalki ordez edozer gauza, eta galtzerdi ordez barriz txarrikeria bat. Horra ba, orain Frantziako gobernuak, haserreturik, Bartzelonako gauzei ateak itxi deutsoz, eta bartzelonatarrak uleari tiraka ei dabiltza. Baina, norena errua? Eurena, erbi ordez katua sartu gura izan dabelako.

       — Guk —esan deust— geure eskariak espainiarrei egin beharrean Ipar Amerikara egingo doguz, hareekin usterik egin ezin leikelako saldu-erosi arazoetan. Horregatik ez da jagiko Espainia, bere semeek hautsa begietara jaurtiten deutsielako.

       Ontziburuak inostan:

       — Zuek beti izango zarie bardinak, ez zarielako inoiz eskarmentetan. Hartu-emonak txarto zeunkezelako Kuba galdu zenduen. Itunduten ez zarielako daukazue amai barik guda Marokon. Zuek betikoak zarie, inoiz ez zarie konturatzen ezegaz. Oraintxe era euki dozue pixka bat ondo geratzeko zeuen salerostea zabaldurik. Eta zer? Hegaz egin ezin dauen txori bat baino oraindino beherago gelditu zarie.

       Zintzo-zintzoro hitz egiten izan deust ontziburu horrek, eta sinetsi dot esan dauena, eta zer erantzun be jakin ez dodan legez, neure ontzira etorri naiz gogoetez beterik...

 

HEGAZKINAK

       Hemengo hegazkin-etxetik gaur hiru txorigizon urten dira tramankuluetan eta kaian dagozen ontzien gainetik hegazkada ederrak egin dabez.

 

GUDONTZIAK

       Hor lau oin inguru uretan sartzen diren gudontzi pilo bat egiten daragoie hemen. Zapalak eta zabalak eta osoz laburrak dira, eta euren makina petroliozko indarraz ibiliko da. Ez dakit norako izango diren ontziok, baina seguru esan leike Dardaneloetarako izango direla.

 

ITSASTARRAK

       Mediterraneo itsasoko ontzietan sugile eta lemariak lortu dabez, goizean, kafea eta ogia; gosaritan, hiru jaki eta ardaoa eta ogia; eta bazkaritan, lau jaki, eta ardaoa eta ogia eta kafea. Purorik ez dot uste damotsenik.

       Hori hareek lortu dabenean Mediterraneo itsasoan hemengoak be txor-txor hasi dira, eta aldi gitxi barru hor joango dira oporrera beharbada.

       Ia ba, ontzijaubeok, zabaldu sakelok, gitxienez behar direlako hiru laurleko morroiok elikatzeko (bakoitzarentzat).

IRUDIAK

       Hemengo Sunday Pictorial deritzon egunkariak gaur dakar daniar ontzi Thistleboork-eko itsastarren irudia. Ontzi horri bost minutuko epea emon eutsen alemanek, eta ontzikoak txaneletara atera ebezan elikadura apurrak, ez ekielako zenbat aldi itsasoan egin beharko eben. Itsaspeko mutilek guztiak ostu eutsiezen, eta eskerrak berehala ontzi batek harrapatu ebazana, osterantzean elikatubage larri behar eben.

 

SOLDADUSKARA

       Hirurogei mila dira soldaduskan euren guraz egun gitxian barruan sartu direnak. Ikusirik hain abertzaletasun handia beharginen artean, guztiz alaitu da Kitchener.

       Lloyd George barriz ez dago inori erantzunak emoteko. Lehengo egunean hurreratu jakozan batzuk itaunka eta koipekeriekin, eta hauxe izan zen bere erantzuna:

       «Zuhaitz luze batetik bestera lotuta ikusiko bazendue alanbre bat eta alanbre gainetik gizon bat doala igaro nahirik, bere ardura osoa horretan ipinita, zer egingo zeunkie? Ez da egia arnasa barik, bihotza dardarka egongo zintzakezela, harik eta gizon hori beste aldera igaro arte? Eta ez zintzakeze isil-isilik egongo, zeuen hitz zaratagaz bere zereginean aditasuna galduta, jausi eta hil ez dadin morroi hori? Ba, niri be utzi bakean alanbre hori igaroten oraintxe nabilelako».

 

ABERRITIK URRUN

       Ikusten doguz euskotarrak munduko alde guztietan zabaldurik, euren lege zintzoari azkenengo aizkorakada emon eutsienik hona.

       Lehen be zaleak ziren gure aberkideak herritik urrun ibilten, baina lege zaharraren azkenengo txatala eroan euskuenean batez be, deritzotenez gure gurasoek aberria ez ikustearren zoritxarrean-edo, asko eta asko aldendu ziren Argentina eta Amerikako beste zoko askotara, aberrian ez eukena bilatzen.

       Ikusten dira oraindinokarren Kuba eta Kalifornian eta abar gure aberkideak zabaldurik, hegape batean jaioriko txitak kaskonduten direnean zabaltzen diren legez, eta euren bekokiko izerdiagaz kale osoak ederturik eta salerosteari indarra emonik, herri osoak aberasturik, euskal abizendun fabrikak han-hor ageri direla; eta bakean hantxe bizi dira gure anaiak arrotz-gobernuen legeen menpean.

       Euretariko askok lehenengoz mundu-argia ikusi ebenean aberritik urrun egozan, ezbehartsuak! Euren gurasoak legez aberriko mendi-bitarteetan jaioteko atsegina izan ez ebelako, euskal odoldunak izan arren. Guraso horreek munduan zehar abiatu ziren, eta heldurik urrunetako herrietara euki ebezan umeak.

       Zenbat nahigabe, zenbat samintasun eta zotin herriaren ama sendoak aho-bete jateko idoroteko, Pampa-ko amaibako zabaletan, bide-aldi itzelak egiten egun osoetan, eta beharbada horreetariko bide-aldi batean Goikoak halan nahirik, sein eder bat mundura. Jaiobarriaren haragi samur bigunak zegaz estaldu ez! Sabela pixka bat berotzeko elikadurarik ez!

       Gure herriko asabok heltzen ziren noiz edo noiz izendatu jaken lur zatira, eta gerriak ondo makurturik lortuten eben lehen sasiz eta bedarrez hornituriko lurrak atxurtuta solo eder mamitsu bihurtzea.

       Hantxe be ezagunak izaten ziren; euren gorputzak lanen indarrez nekaturik jesarten zirenean zohiz eginiko ei ziren etxe zantarretan, lurrean belaunikaturik euren otoiak egiten eutsien Euzkadi hainbat maite dauen Jaungoikoari.

       Euzkadin jaioak izan ez arren, guraso honeen semeak euskaldunak ziren, egunero gomutatu eragiten eutsielako euren aita-amek, bateko han mendi tontortxua, besteko han errekastoa, eta abar aberrian egozanak.

       Gogoan euken bai, eta ez ziren inoiz ahaztuten euren aberria bere buru izana zelaz, eta euren aldian ez zelako, ibiliak ziren mendirik mendi atzera lege zaharrak lortuteko uste guztiaz gudan, bata bestea erahilten! Baina zer? Lehen baino oraindino txartoago geratu ziren. Kortan abere barik, baso ederrak suak erreta, aurreztuta eukiezen diru apurrak lege zaharra ekarriko ebala esaten ebanari dena emonik, geratuten ez jakela ez abererik, ez basorik, ez dirurik.

       Holan ihesitakoak dira guk urrunetan ikusten doguzen aberkideak. Batzuk aberasturik dagoz, baina zenbat neke igarota!

       Ahorik aho esanak izan diren legez gure asaben samintasunak, halantxe izan dira kontatuak gure antzinako legearen edertasunak. Horra ba hasi ginen edertasunok atzera lortuteko lanean ziper. Munduan beste herri batzuk be oraingoan ahalegin bardinak darabilez. Herri batekoak ba estatu bat eurentzat nahi dabe, eta holan nahi izateaz Ingalaterrako gobernua alaitzen ei da. Horra belgiarrei euren aberria zapaldu eutsieelako joan zen berau gudara, eta irabazle urteten badau, zer esanik ez dago, belgiarrak euren aberriagaz (oso-osorik) geratuko dira. Serbiarrak be bai, eta Bulgaria, Errumania eta Italia be bardin. Munduko herri guztiak izango ei dira bakoitza bere legeekin erabiliak, guda hau ei da ba justiziazko guda Elkartuentzat. Italia Elkartuekin joan da, «Italia italiarrentzat» esanik. Bulgariak, Serbiak eta Belgikak be bardin.

       Eta guk, euskotarrok, zer esan geinke ba? Guda amaieran jausiko ei da Justiziaren balantza behar den aldera. Baina balantza hori eskuetan daukienean, gomutatuko ete dira gugaz?

 

 

SAVONA-TIK

1915eko uztailaren 20, 21 eta 23an

 

       Herri honeek ba txirotasunak zapaldurik daukaz, ez da ikusten besterik gosekila elizarik-eliza baino. Samingarria da ikustea hainbeste emakume beharbada euretarik asko guduka itzelean gizonak hil jakezenak laguntza eske.

       Gauetan kai eta huriko argiak, denak amataten dira, eta horra hor herri bat baserri mendiarteko bat baino itzalagoa. Baserriak ez dira hurien beste itzalak behinik behinean honeek argirik bage dagozenean.

       Laguntza bila etorri jatan emakumetxu bati itaundurik bart ia zergatik ez dabezen argi banaka batzuk iziotuten, erantzun eustan hegazkinak hau herriau ikusita bonbardeatu ez daiten dela. Holan bizitekotan barriz —inostan—, hobe baten alemaniar eta austriarren tramankuluak etorriko balitzaz eta erre une baten, hasi alderdi baten eta bestera. Gero emakume honek esan eustan gizona bizi eta gudatean egoan arte eguneko 1’10 emoten eutsola gobernuak, eta oraintxe hilabete hartu zela hil-albistea, eta ordutik hona ez deutsola inork ezer emoten.

       — Nire gizontxuak aberriagatik emon eban bere bizia —inostan negarrez—. Aberriak barriz saritu behar ninduke eroan eustalako betiko neure laguna, baina aberriak ezer be ez damost, eta ez dago beste urteerarik edo... edo laguntzatxu bat aterik ate eskatu.

       Gaur ostera be 162 zauritu heldu dira. Savona guztiko emakumeak han izan dira ia euren kutuntxurik heldu bada ikusten. Hala beharrean be, gitxi izan dira bertoko semeak, baina izan direnak euren sendiekin topo eginez gero koadro laztangarriak ikusten izaten dira. Gomutetan naiz mutil eder bat bere amaren ahotsa ezagutu ondoren hau ikusi dauenean beroni besartetu jako pozezko malkoekin, eta inork ezin ekian kendu gitxienez bost minutuan.

       Giovanni okina osoz da adiskidea neugaz, eta elkarregaz joan gara gaur bustialdi bana hartzen. Honetan hondartzan jarrita ijiji eta ajaja ikusi doguz bederatzi andere moltzo. Euretarik batzuk agurka hasi jakuz eta eskukada hondarra geuri jaurtiten.

       — Joaten banon horra, ha zer astinaldia emongo dunatan —esan deutso Giovannik.

       Horra ba, amaitzeko, gehienok gizonak gudan eukezanak ziren, eta gomuta asko barik ebiltzan jolasean.

       Beste atso motz asko ikusi oi dodaz goizero plazan otzaratxuak galtzarpean dabezela hiru kanako haginbaltzak agerian barre zantzoak egiten. Honeek ba, jakina, mizketuta dabiltza, gizonen gomuta askoge.

       Politena da barriz gure ontziaren aurre-aurrean dagoen ardanetxeko atsoa. Gizona joan jakonik eta hona, hasi goizean eta gaueraino amaibako lebatzagaz dabil. Gauean oheratzen da bere gizona baino maiteago dauen Don Ardao-gaz, eta goizean jagiten denean berehala hasten da mosuka bere adiskide kutuna Doña Txitxiparra-gaz. Hurrengoan argi-argi esango deutsuet bere izena delako guztiz ezaguna euskotar itsastarren artean.

       Ardanetxe horretara joan zen gure ontziko arotza atzo, eta hamar edontzikada ardao edan ondoren hiru txakur handigaz ordaindu nahi eban. Hau ikusirik, atsoak eukan lebatzagaz, bonbil bategaz apurtu eutsan burua. Arotz honek be sabel zitala eukan, eta jakina, han izan zan barrabaskeria itzela zen.

 

* * *

 

       Savona da Genoako itsas bazterrean dagoen huri bat kai ederra dauena bere ertzean. Hor Bilbao baino zeozer txikiagoa izan bai, baina ez askorik.

       Kai bi daukaz; bata da Porto Vecchio, eta bestea Porto Nuovo. Kai zaharrean haize-ontziak bakarrik ikusten dira antzinako urteetan legez, euren lokarriak emonik ertzera.

       Ertzean barriz, ate guztiak dira ardanetxeak eta ontzitik jaitsiz gero, oinkada baten dago bat barruan.

       Ardanetxeok osoz dira etxe zahar apurtuak. Euren hormek hizketan balekie... hamaikatxu gauza kontatuko leukiez. Zenbatek euretan utzirik euren maitea ihesiko eban ametseta gozoak egiten itsasoan zehar, eta barriro etorri zenean, beste bategaz ezkonduta behar bada aurkitu eban bere bihotzeko kutuna. Eta beste batzuk barriz, ardanetxe horreetan utzirik euren emazte eta amatxuak, anpuluak lehortu ezineko negarrekin egingo eben agur eta, hau txarrena... betiko! Beste batzuk barriz urte osoetan irabazitako alogerak ardanetxe horreetan utzirik joango ziren Savonatik gehiago ez etorteko gogo barik... Ez noa egiten filosofia gehiago.

       Kai barrian be badagoz ardanetxeak, baina hemengoak olezko txoznak dira, eta gogait egiten dabenean, toki baten hartu dandarrez, eta eroaten dabez beste toki batera zahagi, upel, pitxer, emazte eta amaginarreba eta denak barruan direla. Eta barriz holan txikitxua bada ardanetxeori, hartu sei-zazpiren artean, eta lepoan eroaten dabe, baserrietan gorpua eroaten daben legez, bardin.

       Kai zaharraren ertzean dago torre bat antzinako itsastarrek eukena ikusteko zelan egoan itsasoa. Gaur itsas praktikoen bulegoa dago. Torre horren izena da ‘La torre di Pancaldo’. Itsas aldetik dauka Ama Birjinaren irudi eder bat, baina osoz ederra. Irudi horren goiko aldean hauxe irakurgaiau:

                     Irato in mare da subita procella

                     Invocare a nostra benigna stella

       Hemen beheko aldean dago koadro bat guztiz antzina egina. Ezin leikio igarri zer den estalduta dagoelako, baina halan eta guztiz be, igerten da margo ona daukala, ze Udalak agintzen ei dau urteoro estalgarri gehiago ipinteko, eta halan eta guztiz be, inoiz ez dago behar den legez estalduta. Beti urteten dau gainera koadro horrek.

       Torreak huri aldetik dauka Ama Birjinaren beste irudi bat oraindino bestea baino ederragoa. Torre horren aurrean hasten da Via Paleocapa, guztizko kale ederra, alderdi bietatik arkuak daukazela Bilbaoko Plaza Barrian legez. Torre horren ezkerretara dago Savonako antzinako herri zaharra. Kale estu eta lohiak dira bertan dagozen denak. Badira kaleak lagun bi ibili ezingo litzatekezenak elkarrekin.

       Orain bai, ezagun da euretan bizi ziren biztanleak euki eben sinesmen sutsua, ba ez dago elizarik hiru edo lau Ama Birjina irudi ez dabezenik ipinita kristalezko kutxa ederretan.

       Honeetatik irudietatik Ama Birjina irudi ederrena da ardanetxe bateko horman dagoena. ‘Madonna dil Carmine’ da, eta beheko aldetxuan dauka idatzita jainkozaleren baten ezkila: Salve, Salve, Salve.

       Etxeak be osoz zaharrak dira, eta gehienak dendak. Eta ez dago bat Ama Birjinaren irudia ez dauenik, bere argi eta guzti. Horra ba, denik eta txiroenak be argi egiten deutso hemen Ama Birjinaren irudiari.

       Bachicha deritzon bat da hemengo patata saleroslea. Berau barriz erlijioaren etsai garratza, beronek esaten dauenez. Abade eta abar frijiduta esan leike jango leukezala morroi honek. Horra ba, gaur goizean joan naiz morroi honen dendara, eta non ikusten dodan marmolezko irudi eder bat kandela eder bat aurrean dauela iziotuta.

       — Eta Bachicha, zer dok hori?

       — Hara, neure amari emon neutsan hitza hil zenean ez zela inoiz irudi hori argi barik egongo, eta horregatik da. Osterantzean nik apaizak gosaltzeko, eta lekaideak bazkaltzeko, eta lekaimeak bitarterako gitxi dodaz. «Viva la Republica! Abasso il...».

       — Isilik egon hadi, kirten asto handiori —esan deutsat neuk—, hi langoak asko jagozak han gure herrialdean be.

       Herriaren ezkerreko aldean itsasotik begiratuta dago gaztelu handi bat kanoiz ondo horniduta. Bere hegaltxu baten dauka idatzita italieraz: «Gaztelu honetan hasi eban Giussepe Garibaldik Italia aske ipinteko lana».

       Herri barria beste edozein huri legez da. Kale zabal eta ederrak, kafetegiak, jatetxeak eta abar.

       Paseo eder bat be badago zuhaitz eta loraz beterik, eta baita plaia ederra be bustialdiak hartzeko. Itsasertzean bertan dago barriz Teatro Vanda deritzon antzerkia. Gauero dago bertan zeozer bustialdiak hartzen dabezenei aldia igaro eragiteko.

 

* * *

 

       Chanchan baporea herenegun heldu zen hona. Horra ba, hainbeste adiskide daukaguz bertan, eta berehala elkarregandu gara elkar besarkatuten bata besteari agur egin ondoren. Kai ertzean dagoen kafetegi batera joan gara aldia igaroten eta guztizko hizketaldi itzelak euki doguz elkarregaz.

       Jakina zen, gure eztabaida azkenean eusko abertzaleengana sartu da, eta horretantxe ebaki nabe, ba euretarik nik ez dakit bat eusko abertzalea den.

       Hor daukazuez ba, nire idazkiak bat men barik irakurten dabez eta Euzkadi egunkaria egunoro hartzen dabe, eusko odola euren zainetan eta eusko abizenak daukez, eta ez dira eusko abertzaleak.

       Behinola Savonako hotelean afaria amaitu ondoren hitz egiteko inostenean pixkatxu bategatik ez nintzen igon mahai gainera eta zuei hiru edo lau egia esan, egia garratzak bai, garratzegiak izango ziren champagnaren ostean.

       Beharbada zorakeriatzat eukiko dozuez nire gogoetak, baina nik zuenak ezin neukez bihotzaren barruan euki, ez naizelako Cervantesen hizkeraren labantasunak poztuten nauena, horrek «vascuence, idioma pobre sin historia y sin poesia» zuen dinozuezanak, horixeek berberak baino.

       Zuzen egoan hurrengo abestia kantatu eban abertzale laztana:

                     Negarrez ikusten zaitut

                     Ene aberria

                     Zeure semeak galdu

                     Zaitue guztia.

 

 

MAZARRON-DIK

1915eko abuztuaren 1ean

 

       Bustialdiak hartzen etorrita dagoz oraingoan hemen hainbat erbestear. Horra ba, jatetxe eta enparauetan ez dago toki bat be aske, ohe handietan hiru-lauk bardin egiten dabe elkarrekin lo, eta halan eta guztiz be kabidu ezinik dabiltza.

       Bart herrian lo egin beharra etorri jatan. Joan nintzen Doña Virtudes-en jatetxera ohe eske, eta samintasunik handienagaz inostan jatetxe jaubeak:

       — Gizontxua, oheak beste hamar bageunkaz be, denak beharko geunkez. Horregatik ba, egin geinkena da lastamarraga bat ipini billarreko mahaiaren gainean, eta hantxe egin lo.

       — Ondo dago —esan deutsot.

       Eta asto horrek berehala ipini deust ohea apatz-apatza.

       Lo nengoela iratzartu nabe, eta non sartzen jatazen madrildar bi neure alderdi bietan. Handik gerotxuagoan non datorren beste agure lodi bat, eta berehala etzan da alboko kaja zahar baten gainean. Nire lagun madrildarrak viajante de comercio gazte bi izan dira. Egunak txirrist egin dauenerako jagi naiz ohetik edo dena delakotik, eta jantzi ondoren han noa eskaratzera. Honetan han noa aratin lurrean zehar. Lehenengoan ez dot jakin zegaz egin dodan estropezu, baina gero konturatu naiz: zorro bat azpitik ipinita etzunda behean egon da ugazabandrea, harantzatxuago neskamea, alboratxuago ugazaba, eta jarraitu dot aurrera, eta karrejoan zehar egon dira beste hamar-hamabi morroi lo korroskadaka, eta barriz billarreko mahaiaren azpian hiru edo lau mutil txiki. Horra nondik egin geinkean barrabaskeria madrildarrek eta nik astunagoak izango bagina.

       Ostatua ordaintzen joan naizenean zortziak inguru ziren, eta ikusgarria izan da hotel horretan idoro dodan koadroa. Viajante batek kitarra eta besteak abesti malagueñak, dantzan eragoien, karrejoan lo egozan denok. Guztiak dira erbestetarrak.

       Hori da umorea, eh Kirikiño? Etxeko ohe apatzak utzi, eta behearen gainean lo egin, eta halan eta guztiz be, dantzan.

       Alaba mostranga bat be badauka Doña Virtudesek, hor zortziren bat arroba badaukaz berak. Mutilak, ha jagok egoteko zapotza!

       Halanbeharrean be, bere senarragana izanda gaur etorri da Cartagenatik, eta itaundurik ia zer barri den handik, hara honeek:

       Liberal alderdiko gazteria batu zen lehengo egun batean gogoeta hartzeko alderdiaz. Lehendakariak hizketaldia egin ebanean esan eban liberal alderdia indargetuta, epelduta, ezertarako adorerik bage dagoela, eta indarrak hartzeko sendagarri on bat behar dauela.

 

* * *

 

       150.000 laurleko zorro batean ebazala joian Cartagenako kaleetatik zehar bertako banketxe bateko otsein bat. Berehala aldi txar batek emon eutson. Konortera etorri zenean begiratu eban albora, baina... diru zorroa non? Zuek ikusi dozue? Ba... nik be ez.

 

* * *

 

       Leopoldo Zarco del Asno deritzon batek bere amaordeari jaurti deutsoz hiru edo lau tiro, eta zorionean bategaz be aparedu ez. Osoz mozkortuta ei egoan morroi hau, jakina. Amaordearen izena da Tomasa Viñas Jerez. Izan bazen Jerez izan beharrean Caña edo Aguardiente, apareduko ei eban. Baina Jerez gauza fina izan Asno-entzat.

 

* * *

 

       Herriko jende on guztiak dagoz kezkaz Cartagenan aspalditxuon umeen artean ikusten direnekin. Lehengo egun batean zortzi urteko ume batek kirteneraino sartu eutson aiztoa beste bere antzeko bati. Honeetarikoak asko dira urte guztiaren barruan. Antzinatxutik da zabal bertako neurtitza Cartagenataz, eta egia ez ete den nago. Hara zelan den:

                     Cartagena, monte sin leña,

                     mar sin pescados

                     y niños mal educados.

       Ba, mendietan ez ageri zuhaitz bat, eta itsasoan ez ei dago arrainik eta barriz umeak holakoak badira... Ut hortik, bestelakoak dozak gure aberritxu maiteko herriak.

 

 

GLASGOW-TIK

1915eko abuztuaren 25ean

 

BANANDU EZINDAKO ADISKIDE BI

       Gaur egon naiz zinematografo batean, eta izen horixe dauen pelikula bat ikusi dot, eta azaldutera natortzue, hemengo jolasgaien barri izan daizuen.

       Urteten da lehenengo Kaiserra, eta beste bide batetik datorkio Infernuko Satana, hiru horzdun sarda eta guzti, eta itsasoa erakutsirik, eta bertan ontzi bat, dinotso:

       — Adiskidea, han be emakumeak eta umeak baegozak. Hilko joaguzak?

       Eta baietz erantzunik, han doaz morroi biok ontziari bultza egin eta hondoratzen.

       Hainbat ontzi hondoratu, eta hainbat emakume eta ume txiki hil ondoren, Kaiserra mendi txuntxur batetik behera jausita hilten da, eta hamaika barrabaskeria munduan egin arren, zerurantz doa.

       Baina zerura bidean etsai asko aurkitzen dau. Ilargia, izarrak eta enparau guztiak dagoz kanoi eta ametralladorekin, baina Kaiserrak denak isildu eta alderatzen ditu 420ko kanoi luzenga bategaz.

       Azkenean heltzen da zeru atera, eta San Pedrok damotson ostikadaz ez da gelditzen harik eta Satanaren galdaraino heldu arte. Eta helduaz batera heltzen deutsie bertan dagozen Satanaren otsein guztiek, eta han da barrabaskeria!

       Jataldi bat egiten dabe elkarregaz, eta bankete honen azkenean Kaiserrak Cruz de Hierro ipinten deutso Satanari txakur-kate handi bategaz eskegita, infernutarren txaloak alderdi guztietatik direla.

       Infernura heldu denean ikusi bazenduez Kaiserraren bizarrak, hamaikatxu barre egingo zenduen!

 

 

MELILLA-TIK

1915eko irailaren 28 eta 29an

 

       Gaur goizean heldu gara, eta berehala joan gara herrira ontziburua eta neu Minas del Rif deritzon elkartearen administradoreagaz. Heldu gara herrira, eta nik neure zereginak egin dodazanean eta ontziburuak bereak, Alhambra kafetegian elkartu gara, eta Minas del Rif elkartearen administradorea be haraxe etorri da geure ondotxura kafea hartzen.

       Berehala jaun honek ekarri deusku geure ondora beste jaun bat hainbat bider bere irudia Madrideko egunkarietan ikusi dodana, eta eskua estutu ondoren geure albotxuan jesarri da garagardo pixka bat edaten.

       Orain zuek esango dozue: nor arraio dok ba hori? Hara, ez larritu, esango deutsuet-eta. Morroi hori da italiarrek orain urte batzuk Abisinian guda garratza euki ebenean Italiako gobernuak Abisiniako Sultanaren ondora bidali ebana bakea egiteko. Abisiniako eta Italiako hartu-emonak lege onean ipini ondoren estatu biok adiskide ipini ebazan.

       Adiskidetasunezko hitzak Abisiniako Sultanari esaten egoala erretratista bat heldu zen bertara, eta Sultanaren aginduz bere tramankulu eta guzti sartu eben espetxe itzel batean. Gorago dinodan honek gizon gizagaixo honegaz egin ebena ikusirik, erretratista horren askatasuna eskatu eban, eta gainera irudi bat egiela Sultana eta bera bake usainean besarkaturik agertu zeitezen. Sultanak lehenengoan ez eban baimenik emon gura, baina gero bai. Bere etxean dauka argazki hori eta bertan ageri dira Sultana eta berori.

       Italiarra da berau, baina Espainiako gobernuaren menpean dago. Hegazlaria da, eta arabe hizkera arabiarrek eurek baino hobeto daki. Horregatik da guztiz balio handikoa Espainiako gudarostearentzat. Zeluan deritzon tokitik urten oi dau lantzean behinean hegaz bere tramankuluagaz turkiarren soinekoak jantzirik eta zuzen-zuzen joaten da oraindino Espainiak menperatu ez dauzen jara edo erkietara, eta han osalari turkiartzat bere burua egiten ei dau. Moro guztiek besoak zabalik hartzen dabe, eta ihes egiten dauenean mosu ez besteak egiten deutsoez. Beronek be hara doanean haginak garbitzeko zepiloak eta zaharrei indarrak emoten deutsezan pildorak eroaten dauz, eta herri guztietako zaharrek guztizko abegi onagaz begituten deutsie, eta gazteek berriz «hainbat arinen heldu» esanik agurtuten dabe bere tramankuluagaz ihes egiten dauenean. Bien bitartean hainbat plano egiten dau beronek Espainiako gudarostearentzat, eta kitu.

       Ibilkera guztiak eginiko gizona da berau bat izendatu ezean, eta berau da itsaspekoan inoiz ez dela ibili. Osterantzean ibili da asto gainean, zaldian, kotxe gainean, trenean eta abar, eta itsaspekoa falta jakon legez, oraintxe dauka itxaropena Italiako itsaspekoetara joateko. Lehengo egun baten bere tramankuluan joiala ikusi ebazan antzinako horma zahar batzuk mendipe baten. Jaitsi zen, eta garbian atera ebana da Islamaren aldietako berebereek eginiko hobiak zirela, orain batzuk dinotse erromatarrenak direla, eta hemen dabiltza eztabaidan.

       Hegaz doanean hainbat irudi ateraten dau, eta irudiok dira guztiz kontu handikoak espainiarren gudarostearentzat, eta horregatik osoz daukie estimatu italiar azkar hau.

 

* * *

 

       Gaur goizean erostariak egiten joan naizenean plazara hara geure herritar Prantzisko hemengo jeneral bategaz morroi dagoena ez dot ba ikusi? Elkar sendo besarkatu ondoren gure barriketak hemengo hartu-emonez jo dau. Halan beharrean be zeresanik asko euki dau nire herritar horrek hemengo guda arazoaz.

       Aspalditxuon, alemaniarrek hemen daukiezen bitartekoak Espainiaren aurka jagi eragiten albo herrietako biztanleei ibili dira, baina euren arazoak oker urten deutse, ba kontuan jausi direnean hemengo agintariak, eurek ez dakiela sartu jakez moroei euren etxean, eta hainbat herri atrapatu deutsieez. Urrunago joan barik, atzo euki dabez burruka garratzak espianiarrek M-Talza deritzon moroekin. Moroak esanda euken euren gorpuen gainetik izan ezik ez direla sartuko herri hartara espainiarrak. Baina honeek zizkiluetatik ahozpez ilargia lainopean egoan arte sartu dira lautadan  eta eureganandu dabez hainbat kilometro lur.

       Aurrerantza hori egiten gehien lagundu dauena hemengo polizia baltzen godarostea, Policia Indigena deritzona izan da, eta hilak osoz izan dira gitxi.

       Orain Espainiako mutilak geratu dira Kert deritzon ibaiak okerrunea daukan jasoune baten, eta bertatik osoz dago aparteko aukera ederra. Albo herrietan guztiz dago ugari janaria eta Kert ibaiak barriz beren abiada arinagaz, ur garden eta garbia gudaroste eta zaldientzat dakar.

       Hemengo kafetegi guztietan gaur ez dabil beste zeresanik.

 

* * *

 

       Hemengo baltzak be gu baino zoriontsuagoak dira gauza batzuetan, ba denda, banketxe eta beste toki guztietan idazkunak espainieraz eta arabieraz dagoz, eta honez gainera arabiar hizkera ikasteko ikastolak txitean-pitean dabiltza edegiten, eta behinik behinean espainiar askok ederki ikasi dabe arabieraz hitz egiten. Holakorik ez dabe egiten espainiarrek gure aberri ederrean.

 

* * *

 

       Berak arabieraz eta nik euskaraz. Honetara aditzen naiz ni hemengo azokan erdaraz ez dakien eta jakinda egin gura ez daben morroiekin. Gauza batzuk ikasi dodaz. Harba da lau, eta Jaibai ut-hortik. Gaur kedarra baino moro baltzago batek itaundu deust euskaraz egin deutsodanean, ea nondikoa naizen, berak inoiz ez dauela entzun nire hizkera-eta.

       — Ba, espainiarra naiz —erantzun deutsat.

       — Zu espainiarra? —esan deust berak—. Sekula ez zara izan, baina ni bai, eta gainera kistarra. Hara, adi hau —esanda, urregorrizko kurutzetxu bat erakutsi deust.

       Horra ba, baltz hori espainiarra eta Kristoren erlijiora bihurtua da. Berak halan esan dau behinik behinenean.

 

 

GLASGOW-TIK

1915eko urrian

 

       Aspalditxuon dabiltza hemengo egunkariak eztabaidan orain artean egon den legea soldadutzaz ala indarrez edo beharkunez mutilak eroatea ete den hobe.

       Hiru miloi soldadu lortu dabez mutilak baturik euren gurariz. Baina jazo da, kale batean esaterako, badagoz sendi bi, bata ume txikien aita eta bestea beharbada hiru edo lau seme sendoen aita. Ba gehienetan jazo da, ume txikien aita abertzaleago izan delako bestea baino, joan da lubakietara, eta beste seme sendoaren aita geratu da bere seme denekin etxean, esanik: «doala nahi dauena gura badau».

       Beste gauza bat be jazo da: Frantzian, euren odola hainbat mutil ederrek emoten daben bitartean beste sendi batzuk abertzaletasunez kondarrik euren bihotzean ez eukela oporrera doaz. Batzuk, ikatz meatzetan eta asko eta asko itsastarrak zirenak barriz itsasora urteten ukatu ziren alogera gitxi eukela-eta aitzakiaz. Ingalaterraren lepoan dagoen zama guztia ikusirik ez zen orain aldia oporrera joateko. Horra ba batzuk odola aberriari damotsen arte beste batzuk buru-eskainia egin gura ez. Itsastarrek esaten eben askok: «doala nahi dauena itsasora, dabilen beste itsaspekoarekin». Eta orduan alogerari jasoera handia emonik lortu eben ontzijaubeek euren ontziak itsasoratzea. Aberria batena bakarrik al da? Garaile urteten badogu ez dira izango ingeles denentzat onurak? Hori itauntzen dabe abertzaleek. Baina askotan erantzuna da:

       — Ondasunak izango dira baten batentzat, baina gu lehen legez txiro geratuko gara, eta beharbada zoritxarrez oin bat bage, edo itsurik, edo mantxu guda honen amaian.

       Ingalaterrako gizon zuhur batek inoan lehengo egun baten urteetako gudan oso ikasgai asko ikasi dauela Ingalaterrako gobernuak. «Horra ba Alemaniako herriaren jazoera izan da gudazaletasun itzelagaz nahastea». «Ekintza txarrekin ezin leikela gauza onik lortu, baina ikusten dogunez badakigu Alemaniako herriaren semeek ikasi daben beharkunagaz zertzuk zeregin dakaskazuen guri». «Gure gogoeta ez da izan alemanena legez bardina. Horra ba oker bitxi izan gara mundu honetan. Geuk hareek legez herria mendu bagendu beste gauza bat izan litzake».

       Baina beste batek erantzuten deutso holan: «Askatasuna baino gauza ederragorik ez dago inon. Gizonari bere buruaren jaube denean emon behar jako askatasuna, berak pentsatu daien zein bide den bere hartu-emonentzat aukerakoena... Egia be bada Ingalaterran beste askatasun ez daukala herriak munduko inongo estatutan. Hor daukazue Errepublika Frantziarreko gobernua. Behetik gorantz egina dela dinoe hango agintzako legea, goitik beherantz eginda den legez Europako edozein estatutakoa. Baina halan be, oraingo guda-aroan Frantziaren aurka zer edo zer idatzi nahi dabenek, atzerrira joan beharra daukie. Barriz Ingalaterran ez da jazoten hori, askatasuna dago eta bardin idazten da aurka nahi aldez.

       Holan da ba, oraindino Ingalaterrako gobernuko agintari askok ez dabe uste dagoenik beharrizanik menperatutako herria beharrez soldadu eroateko. «Gura dauenak gehiago egiten dau ahala dauenak baino», dinoe.

       Frantzian, antimilitarista guztiak dagoz lubakietan. Frantzian ez dabe uzten eztabaidarik herriaren aurka, eta eskerrak horri Frantzia da gaur arte ikara gehien eragin deutsona alemaniar herriari. Eta Ingalaterrak ikusi eta igarri dau hori, eta garaipenerantz joateko indar gehiago behar dauen legez, ez dau eukiko beste urteerarik, askatasun guztiak alde batera utzirik beharpetu herri osoa gudara joaten, eta hortik zehar dabiltzan hainbat emakume alfer lohiri be bere zereginak ipini.

 

 

SAVONA-TIK

1915eko abenduan

 

       Lehengo hilaren 18an heldu ginen Genoako portura, baina zer? Berehala agertu jakun praktiko bat, eta hainbat arinen aldegiteko dinosku.

       — Nora baina? —dinotso ontziburuak ikaratuta.

       — Nora? —dino besteak—. Zeuk gura dozun tokira,  Genoara izan ezik.

       Mor-mor-mor eta arraio bat edo beste egin artean jaurtita, han goaz beste alde batera, eta Vado deritzon ditxo edo ontzi egotokian gelditzen gara atxurrak hondoraturik.

       Eguraldi guztiz txarrak egin zituen 18an hasita 24raino, baina 25ean egun ederra ipini eban, eta horra non goazen beste bat eta neu Savonara, adiskide zaharrei iker bat egitera. Hamalauko ulea eta bizarra aldean geunkan, eta lehenengo otu jakuna zen bizarkentzaile batengana joatea. Ateburu batean dakusgu «Se affitta», eta bizargintza delakoan han goaz barrura. Atso mustur bat egoan atezain eta irribarreka dinosku igoteko beragaz, eta batak besteari begiratuta barre purrustadaka utzi euskun, gela huts handi hautsez beteriko batera atso horrek eroan ginduzenean. Horra ba, «Se affitta» horrek espainierazko «Se alquila» esan gura dau, eta atso koitaduak hartu gaitu gela bila gabiltzazanantzat.

       Handik urten eta bizarra kendu genduenean Francesco Bebelaccua-ren etxera, La Bilbaina deritzon kafetegira eroan ninduen neure lagun horrek. Sartuagaz batera ikusten dot ardao eta koñak bonbila artean gure eusko abertzaleen ikurrin eder bat. Kafetegi honen jaubeak badaki esku artean zer darabilen, ez da kirtena. Euskotar asko heltzen da hona, eta polito amua ipini deutse, beharbada sakelean daroezen diru guztiak bertan utzi erazteko ikurrintxuekin eta koipekeriekin, eta honez gainera bertan dagoen neska motz batek hainbat abesti dakiz euskaraz be.

       Hangoa egin genduenean Giuseppe Bataffoco-ren etxean bat egin ginen horko Chanchan deritzon ontziko agintari eta makinistekin, eta elkarri agur egin ondoren aberriko abesti zoliak erabili doguz.

       Ondo gatz bako idazkia egin deutsut oraingoan, Kirikiño.

 

 

GENOA-TIK

1915eko abenduan

 

       Savonara joan-etorria egin beharra heldu jatan atzo, eta banoa geltokira. Oraindino orduerdi behar zen trena urteteko, eta jesarleku baten jarririk nengoen, ume eder bik elkarrekin erabilezen jolasei begira.

       Piperra baino sudur gorriagoa eban morroi batek ateak edegi ebazan, eta goaz trenera atso eta ume eta enparauak. Itxaroten gengozan noiz geltokiburuak txilina joko eban trena abiatu zadin, eta honetan hor sei urte inguruko neskatotxu bat negar eta negar sartzen da gure departamentuan. Une hartan begi guztiak zuzendu ziren ume eder horreganantz.

       — Zer jazoten jatzu, ene laztantxua? —inotsen denek.

       Baina ume eder horrek ez eutsan inori ezer erantzuten.

       Trena ia urteteko egoan, eta ume eder horren jauberik ez zen inon agiri, eta larritu ginen denok, eta hasi ginen atetik adi. Atearen aurretxuan bertan eztabaidan gogor iharduen atso zezkel sudurluze argal batek eta agure hordi sudurzapal gorridun batek, elkarri esanaz bateko honenbeste izan dela, besteko diru asko gastatu dabela eta abar.

       Baten batek itaundu eutsen ia eurak ez ete ziren ume horren jaube egiten zirenak, eta baietz erantzun ondoren sartu ziren, eta oraindino eztabaidan iharduen euren arloan, bien bitartean ume eder horren zotinak bihotzak hausten euskuzela han gengozen guztioi.

       — Gizontxua —dinotsat agureari—, ume hau, zeuena dozue?

       — Batek daki norena den —dinost genovese deritzon hizkeraz—. Gaur atera dogu erruki-etxetik, ba etxean abere asko daukagu eta larrera bidaltzen doguzenean jagon daiazan, behi arranoak beti joaten dira ba inoren soloetara-eta.

       — Zeuek ez daukazue seme-alabarik ala? —dinotse departamentuan bertan doan abade zahar batek.

       — Ai, geure umerik bagendu, ez genduke honelako trasterik etxera eroango. Batek daki noren alaba den berori…

       Hitzok entzunik, eta agure mozkortiaren bihotz gogorra igarririk jarri nintzen umeari begira. Negar anpulu handi bi eukazan betazpian, eta bere begi baltz handi eta ule gorrizta kizkorragaz eskuz eginiko txapel zuri baten azpian ebala, guztizko polita zen umetxua. Bere zotinak itzelak ziren, eta guraso hordiak ostera be hasi ziren euren jardunean guztiz haserre. Umearentzat ez daukie hitz bigun bat, eta gitxiago laztan edo mosutxu bat.

       Gomutaturik neure umearoa, negarra jatort begira, eta hartzen dot ume eder hori besartean eta mosuka jaten dot.

       — Nora zoaz? —dinotsat.

       — Ez dakit —dinost ahots zoli eta ederraz. Guztiz ederto daki hizketan.

       — Zenbat urte dozu eta zelan jatzu izena?

       — Sei urte eta erdi, eta Marina Natale da neure izena —(Natale da erruki-etxearen izena).

       Neure belaunean jesarrita hainbat gauza dinost umetxuak pertsona nagusi batek baizen formalidadez.

       Albisola geltokira heldu ginenean kendu eusten umea belaunetik, lehenengo bere begi ederrekin «ez naizu utzi» esan gura izan baleust legez. Negar-zotinez «ama! ama!» esaten eban gaixoak. Trena aurrera joian eta leihotik adi nengoen harik eta begietatik galdu arte atso-agure bihozbakoak eta gogoa hautsita utzi eustan ume ederra.

 

 

HUELVA-TIK

1916ko urtarrilaren 3an

 

       Historiadun herria da berau, bere ibai eder bigaz. Bata da Tinto, eta bestea Odiel, biok sakonak eta zabalak, ardurage edozein ontzi ibiltekoak.

       Hemendik hur samartxu dago Moguer deritzon herria, zahar-zaharra, baina gogai ederrak bururatzen deuskuena, ba antzina hainbat ontzigintza ziren eta hainbat itsasgizon Espainia aintzaz bete ebenak. Oraindino hantxe dago Palos deritzon kaia, bere goiko aldean duela antzinako eliza zahar bat.

       Cristophoro Colombo itsastar bikaina handixik urten zen lehenengoz Indiaren bila eguzki sartalderantz, lekaide gurenen onetsia aurrez harturik. La Rabida dau izena komentu horrek, eta gaur zaintzen dauena ez da lekaidea. Orain ehunen bat urte alde eragin eutsen lekaideei.

       Irakurlea, hemengo biztanleei aurpegira begiratu eta Afrikakoei begiratu, bardin da. Moroen arrazak sustarrak ondo sartuta utzi ebazan alde honetan. Daukien aldea ez da besterik, batzuek praka estuak darabilezela eta espaineraz hitza, eta besteak praka harro nasaikein eta arabieraz hitz egin. Ondo ezagutzen dau moroak nondik nora euren hazia erein eben. Hemengoak lako aurpegikera gitxi dago Asturias eta hortik.

       Herri honeek oso txiroak dira. Ez dago hor Bilbaon legez tranbiarik, ez fabrikarik, ez ezebe. Orain bai, zezen plaza ederra dago, eta aritmetika baino hobeto edozeinek daki zelan zezenari sartu behar jakozan banderillak eta abar.

       Rio Tinto-ko meatzeak ingelesenak dira, eta aginpidea daukien gehienak be handikoak dira. Beharginak bakarrik dira hemengoak, eta beti dabiltza kezkaz, ingelesak guztizko zekenak direla-eta. Dirua eroaten dabela euren herrira, hemen agorra utzita.

       Atzo jaia zen, eta herrira joan nintzenean ardanetxe guztiak beterik egozan, eta denetan egoan nor edo nor abestuten ekiena be, ba denetarik urtetzen zen kantu eta txalo hotsa. Horixe daukie ona andaluzek, txakur txiki bat sakelean euki ezta be, beti umore ona.

       Eta zelako kantuak! Dena da «¡ay, ay, ay, maresita! ¡ar presidio!», eta honakoak. Barrabasi berari be negar eragiteko modukoak.

       Guk euskotarrok ez daukagula olerkirik-eta esan deuskue, baina nire ustez gure hitz-neurtuak honeenak baino hobeak dira. Gure aberrian inork abesten dituenean hitz-neurtuak egingo ditu behar den legez. Hemendik barriz dena da «ay» eta dena «ay»; esan leike bertan azkenak egin behar dabezela.